XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

El Salvador erditzen ari da

EL Salvador gero eta motelago entzuten dira morteroen danbatekoak, hitzen oihartzunak, aldiz, gero eta ozenago.

Badirudi, gerra pitinka baztertzen ari dela, eta haren lekua bake-irudiko nonbaitera daramaten negoziaketak betetzen ari direla.

Munduko ezkerraren baitan oraindik hasi gabea zelarik dogmakeria eta monolitokeria sendatzeko terapia kolektiboa eta bortitza, Ertamerikako errepublika ñimiño hartan, gerrilariak, oinutsik edo gorbatadun, pentsakera fosilduari jadanik tiroka hasiak ziren.

Mende luzeetako injustiziaren aurka borrokatzen ziren bitartean, ez zioten bake-unerik ematen politika-helburuak eta metodoak xeheki aztertzeko eginkizunari.

Hasiera batetan, elkartasun, internazionalistaren mundutxo honetan egunero arnasa hartzen dugunoi, halako susmoak jaten zigun barrena: horrenbeste elkarrizketarekin iraultzaren portura helduko ote dira?

Denborak, ordea, argitu digu arazoa ez dela, horrelako portua iristea, baizik eta, ibaiaren emaria gero eta oparoagoa izan dadin, gero eta itsasoratze zabalagoa izan dezan.

El Salvadoren, berdinketa militarrera helduak dira aspaldi.

Amarruz lortutako berdinketa, zeren tantoak galdu eta galdu zihoan aldeak, inperialismoaren laguntza guztia jasoz eusten zion demari.

Milioi t'erdi dolar eguneko, herria masakratzeko.

Baldintza horietan, berebiziko garaipena da Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteak eraso erraldoiari eutsi izana, egunez egun espazio militar eta politiko berriak bereganatuz.

Gauzak horrela, eta nazioarteko mundu-aldaketak kontutan harturik, FMLNko gudariak ohartu dira benetako Iraultza dela mendetako dependentzia, diktadura eta miseria besterik ezagutu ez duen lurraldean, independentzia, garapena, demokrazia eta konbibentziari bideak zabaltzea.

Eta nola lortu hori?

Ausardia eta borrokazaletasuna areagotzearekin batera, kontsentsua eta presio-bide guztiak jorratuz.

Aspalditik, bai FMLN eta bai helburu horien atzetik lanean diharduten herri-erakundeak irabazia dute, hala barruan nola nazioartean, bere boza entzunerazteko eskubidea.

Eta solidaritate-lanetan dihardugunok, euren bozgorailu izan nahi genuke, munduko informazioa kontrolatzen duten kanal gezurtien aurkako lehian.

Garai erabakiorrak bizi dira El Salvadoren.

Betikorra zirudien gerrari amaiera ikusten hasi zaio.

Ez baina, indar herrikoiak etsitzen ari direlako, baizik eta, munduko erregimen kriminalenetako eta kanpotik babestuenetako batek, negoziaketa-mahaian jarri behar izan duelako.

Urte gehiegi dira hamabi, herriaren odola isurtzen jarraitzeko.

El Salvadoreko gatazkaren sustrai historikoa, funtsean Latinamerikako gainerakoena bera, ez da epe laburrean konponduko.

Baina lortzear dauden askatasun demokratikoak, esperantzazko lurrikara izango dira kontinenteko milioika ondare-gabetuentzat.

El Salvador bezalako herrialde batean, desmilitarizatzea, eta bide horretan Indar Armatuak depuratzea, eta bi armadak botere zibilaren menpeko polizi-indar bakar batean bateratzea, bete betean iraultzailea da.

Nazio Batuen Erakundea eginkizun garrantzitsua jokatzen ari da arartekotzan.

Ez da bere kabuz etorri.

FMLNren botereak etorri arazi du, belarrietatik helduta, lekuko izan dadin, Gobernuaren armadako eta eskuin basatiko sektore batzuk akordioei ipintzen dizkioten trabena.

Eta nazioarteko notarioa izan dadin, El Salvadoren eskuratu baina munduan ezagutzen ez diren lorpenena.

Baina FMLNk argi dauka negoziazioetan kontsentsuatzen ari direnak, neurri handi batetan, presio militarrari zor zaizkiola.

Izan ere, 1989ko ofentsiba gertatu arte, Cristiani eta oligarkiaren ordezkariak ez ziren benetan hasi negoziatzen.

FMLN prest dago negoziazioa modu guztietan bultzarazteko.

Baita indarrarekin ere.

El Salvador epe laburrean bake armatu batez erdituko da.

Epe luzera, ordea, bideak jorratzen eta umeak sortzen ari da.

CARLOS ORDOÑEZ

ANTTON ELOSEGI

KOMITE INTERNAZIONALISTAKO KIDEAK